Nostradamusen iragarpenetan sinesten duzu?
Nostradamus astrologoa (1503-1566) bere iragarpenengatik da ezaguna mundu guztian.
Haren testuen interpretatzaileek, aldekoek, esan dute hau guztia iragarri zuela: bere heriotza, baita Frantziako Henrike II.a erregearena eta Lady Di-rena ere; Napoleon eta Hitlerren porrota; Kennedytarren heriotza; Nagasaki eta Hiroshimako bonba atomikoak; Espainiako gerra zibila. Horiez gain: hizkuntza bakarrean elkar ulertuko dugula, gizakia 200 urte biziko dela, banketxeen suntsiketa, arabiarrek edo musulmanek Europa inbadituko dutela, beroketa klimatikoa, 2016an Vesubio sumendiaren lurrikara… Horrela, 3.797 urtera arteko profeziak.
Nor zen Nostradamus?
Michel de Nostredam, Nostradamus, Frantzian jaio zen, aberats, 1503an. Matematika ikasi zuen, filosofia, hainbat hizkuntza, astronomia, astrologia… Avignon eta Montpellierreko unibertsitateetan ikasi zuen. Jendetza sendatu zuen izurritik, eta horregatik behin betiko pentsioa lortu zuen, baina ez zuen lortu lehen emaztea eta bi semeak gaitz horretatik salbatzea. Frantzia osoan ibili zen gaixoak sendatzen, eta Italian anatomia ikasi zuen: garbitasuna zen bere obsesioetako bat. Frantziako Salon herrian kontsulta bat zabaldu zuen. Sendabelarrak ikertu zituen 8 urtez, baita botikak sortu ere. Asko irakurtzen zuen, esoterismoa barne.
Lehen iragarpenak
Bere lehen iragarpena Italian egin omen zuen. Kalean zihoala, fraide baten aurrean belaunikatu eta aita santua izango zela esan zion. Fraide hura, gerora, Sixto V.a izan zen.
Nekazarientzat eguraldi-iragarpenak idazten hasi zen. Kosmetika-liburu bat best seller bihurtu zuen, baina munduan ospea eman diotenak Centuries izeneko 10 liburuak izan dira: ia mila iragarpen dira, 1555ean hasita.
Profezien irakurleetako bat Katalina Medici erregina izan zen. Erreginak uste zuen senarraren heriotza iragarri zuela Nostradamusek. Izan ere, iragarleak eskutitz bat idatzi zion erregeari, begia zulatuta hilko zutela iragarriz. Profezia bete egin zen, eta Nostradamus ospea lortzen hasi zen Europa osoan. Hori ikusita, erregina alargunak bere zazpi seme-alaben etorkizuna asmatzeko eskatu zion Nostradamusi, eta honek “zazpi adarretatik lau hilko dira” idatzi zuen 1557an. Erreginaren hiru seme-alaba bakarrik zeuden bizirik 1576an, besteak gazte hilda. Hori ontzat emateko, adarrak umeak direla onartu behar da.
Nostradamusen profeziek anagrama eta hitz-joko asko dituzte
Inkisizioaren eta politikaren beldur, nahiko testu ilun eta ez-kronologikoak dira, zenbait hizkuntza uztartuta eginak, itzultzen zailak. Beraz, iragarpenak testu horien interpretazioak dira. Zerbait ezohikoa gertatzen bada munduan, ulergarria ez dena, bere testuak berrinterpretatu egiten ditu jendeak aldiro, eta testu berak balio du Hitler eta Carlos V.az hitz egiteko, baina badira datu zehatzak, herri-izenak, pertsona-izenak… Eta aditu batzuek uste dute 200 bat profezia bete direla; beraz, ez dela Nostradamus esoterista ahobero bat.
Aurreikuspenak egiteko izarren lerrokatzeari begiratzen zien
Honela egiten zuen lan. Adibidez, Julio Zesar hil zutenean astroak nola zeuden lerrokatuta aztertu zuen, eta, lerrokatzeak ziklikoak direnez, lerrokatze hori berriz gertatzen denean agian zerbait larria gertatuko zela ondorioztatu zuen. Dirudienez, Julio Zesar eta John Kennedyren hilketetan astroak berdintsu zeuden lerrokatuta. Beraz, ikertu eta asmazioak botatzen zituen, biak batera:
•
Italiatik gertu enperadore bat jaioko zela idatzi zuen, eta enperadore
horren tiraniak 14 urte iraungo zuela. Napoleon ote zen? 1799an hasi
zen Napoleon gerran eta 14 urte geroago Elba uhartera bidali zuten,
deserrira.
• Norbait ilargiaren izkinan jarria izango zela ere idatzi zuen (Armstrong ote?).
• Germania handiaren kapitain batek bere hitzekin herria liluratuko zuela; Hister deitzen dio (Hitler ote zen?). Ekialdeko harresia eroriko zela (Berlingoa agian?).
• Eliza katolikoa emakume batekin haserretuko zela, emakume hori gurutzean azalduko zela, eta gurutzea sutan azalduko zela (Madona abeslaria al da?).
500 urtera bere iragarpenek ospe handia• Norbait ilargiaren izkinan jarria izango zela ere idatzi zuen (Armstrong ote?).
• Germania handiaren kapitain batek bere hitzekin herria liluratuko zuela; Hister deitzen dio (Hitler ote zen?). Ekialdeko harresia eroriko zela (Berlingoa agian?).
• Eliza katolikoa emakume batekin haserretuko zela, emakume hori gurutzean azalduko zela, eta gurutzea sutan azalduko zela (Madona abeslaria al da?).
Nostradamus 1566an hil zen, oso aberats. Bere idazkariari hil-bezperan esan omen zion hurrengo egunean ez zuela eguzkirik ikusiko, eta, haren iragarpenak egia edo gezurra izan, Nostradamusen profeziei buruzko 400 liburutik gora idatzi dira munduan. New Yorkeko Dorre Bikiena gertatu eta gero, Nostradamusen biografiari buruzko liburua izan zen salduena Amazon-en atarian. Horretan behintzat asmatu zuen Nostradamusek, idatzia utzi baitzuen bera jaio eta 500 urtera bere iragarpenek ospe handia izango zutela. Halaxe ari da gertatzen.
HIZTEGI LAGUNGARRIA:
- Bere iragarpenengatik da ezaguna. Ezaguna da aurretik esan zuelako etorkizunean zer gertatuko zen.
- Munduan ospea eman. Munduan sona, fama eman.
- Zerbait ezohikoa. Ohikoa edo normala ez den zerbait.
- Aldiro. Gertatzen den bakoitzean.
- Esoterista ahobero bat. Txorakeriak esaten dituen esoterista bat.
- Astroak nola zeuden lerrokatuta. Astroen posizioa.
- Amaigabea da zerrenda. Bukaerarik gabeko zerrenda.