Nostradamusen iragarpenetan sinesten duzu?
Nostradamus astrologoa (1503-1566) bere iragarpenengatik da ezaguna mundu guztian.
Haren
testuen interpretatzaileek, aldekoek, esan dute hau guztia iragarri
zuela: bere heriotza, baita Frantziako Henrike II.a erregearena eta Lady
Di-rena ere; Napoleon eta Hitlerren porrota; Kennedytarren heriotza;
Nagasaki eta Hiroshimako bonba atomikoak; Espainiako gerra zibila.
Horiez gain: hizkuntza bakarrean elkar ulertuko dugula, gizakia 200 urte
biziko dela, banketxeen suntsiketa, arabiarrek edo musulmanek Europa
inbadituko dutela, beroketa klimatikoa, 2016an Vesubio sumendiaren
lurrikara… Horrela, 3.797 urtera arteko profeziak.
Nor zen Nostradamus?
Michel
de Nostredam, Nostradamus, Frantzian jaio zen, aberats, 1503an.
Matematika ikasi zuen, filosofia, hainbat hizkuntza, astronomia,
astrologia… Avignon eta Montpellierreko unibertsitateetan ikasi zuen.
Jendetza sendatu zuen izurritik, eta horregatik behin betiko pentsioa
lortu zuen, baina ez zuen lortu lehen emaztea eta bi semeak gaitz
horretatik salbatzea. Frantzia osoan ibili zen gaixoak sendatzen, eta
Italian anatomia ikasi zuen: garbitasuna zen bere obsesioetako bat.
Frantziako Salon herrian kontsulta bat zabaldu zuen. Sendabelarrak
ikertu zituen 8 urtez, baita botikak sortu ere. Asko irakurtzen zuen,
esoterismoa barne.
Lehen iragarpenak
Bere
lehen iragarpena Italian egin omen zuen. Kalean zihoala, fraide baten
aurrean belaunikatu eta aita santua izango zela esan zion. Fraide hura,
gerora, Sixto V.a izan zen.
Nekazarientzat
eguraldi-iragarpenak idazten hasi zen. Kosmetika-liburu bat best seller
bihurtu zuen, baina munduan ospea eman diotenak Centuries izeneko 10
liburuak izan dira: ia mila iragarpen dira, 1555ean hasita.
Profezien
irakurleetako bat Katalina Medici erregina izan zen. Erreginak uste
zuen senarraren heriotza iragarri zuela Nostradamusek. Izan ere,
iragarleak eskutitz bat idatzi zion erregeari, begia zulatuta hilko
zutela iragarriz. Profezia bete egin zen, eta Nostradamus ospea lortzen
hasi zen Europa osoan. Hori ikusita, erregina alargunak bere zazpi
seme-alaben etorkizuna asmatzeko eskatu zion Nostradamusi, eta honek
“zazpi adarretatik lau hilko dira” idatzi zuen 1557an. Erreginaren hiru
seme-alaba bakarrik zeuden bizirik 1576an, besteak gazte hilda. Hori
ontzat emateko, adarrak umeak direla onartu behar da.
Nostradamusen profeziek anagrama eta hitz-joko asko dituzte
Inkisizioaren
eta politikaren beldur, nahiko testu ilun eta ez-kronologikoak dira,
zenbait hizkuntza uztartuta eginak, itzultzen zailak. Beraz, iragarpenak
testu horien interpretazioak dira. Zerbait ezohikoa gertatzen bada
munduan, ulergarria ez dena, bere testuak berrinterpretatu egiten ditu
jendeak aldiro, eta testu berak balio du Hitler eta Carlos V.az hitz
egiteko, baina badira datu zehatzak, herri-izenak, pertsona-izenak… Eta
aditu batzuek uste dute 200 bat profezia bete direla; beraz, ez dela
Nostradamus esoterista ahobero bat.
Aurreikuspenak egiteko izarren lerrokatzeari begiratzen zien
Honela
egiten zuen lan. Adibidez, Julio Zesar hil zutenean astroak nola zeuden
lerrokatuta aztertu zuen, eta, lerrokatzeak ziklikoak direnez,
lerrokatze hori berriz gertatzen denean agian zerbait larria gertatuko
zela ondorioztatu zuen. Dirudienez, Julio Zesar eta John Kennedyren
hilketetan astroak berdintsu zeuden lerrokatuta. Beraz, ikertu eta
asmazioak botatzen zituen, biak batera:
•
Italiatik gertu enperadore bat jaioko zela idatzi zuen, eta enperadore
horren tiraniak 14 urte iraungo zuela. Napoleon ote zen? 1799an hasi
zen Napoleon gerran eta 14 urte geroago Elba uhartera bidali zuten,
deserrira.
• Norbait ilargiaren izkinan jarria izango zela ere idatzi zuen (Armstrong ote?).
•
Germania handiaren kapitain batek bere hitzekin herria liluratuko
zuela; Hister deitzen dio (Hitler ote zen?). Ekialdeko harresia eroriko
zela (Berlingoa agian?).
• Eliza katolikoa emakume batekin
haserretuko zela, emakume hori gurutzean azalduko zela, eta gurutzea
sutan azalduko zela (Madona abeslaria al da?).
500 urtera bere iragarpenek ospe handia
Nostradamus
1566an hil zen, oso aberats. Bere idazkariari hil-bezperan esan omen
zion hurrengo egunean ez zuela eguzkirik ikusiko, eta, haren iragarpenak
egia edo gezurra izan, Nostradamusen profeziei buruzko 400 liburutik
gora idatzi dira munduan. New Yorkeko Dorre Bikiena gertatu eta gero,
Nostradamusen biografiari buruzko liburua izan zen salduena Amazon-en
atarian. Horretan behintzat asmatu zuen Nostradamusek, idatzia utzi
baitzuen bera jaio eta 500 urtera bere iragarpenek ospe handia izango
zutela. Halaxe ari da gertatzen.
HIZTEGI LAGUNGARRIA:
- Bere iragarpenengatik da ezaguna. Ezaguna da aurretik esan zuelako etorkizunean zer gertatuko zen.
- Munduan ospea eman. Munduan sona, fama eman.
- Zerbait ezohikoa. Ohikoa edo normala ez den zerbait.
- Aldiro. Gertatzen den bakoitzean.
- Esoterista ahobero bat. Txorakeriak esaten dituen esoterista bat.
- Astroak nola zeuden lerrokatuta. Astroen posizioa.
- Amaigabea da zerrenda. Bukaerarik gabeko zerrenda.
INFORMAZIO-ITURRIA: IKASBIL